- Noiz eta nola sortu zen Moztu sortzeko ideia? Zergatik izen hori?
-
-
-
2002 urtean sortu zen Moztu, ikus-entzunezko sektorean lan egiten zuten bi lagun interesatzen zitzaizkien proiektuak nazioarteko izaerarekin eta sormen prozesuaren erabateko kontrolarekin garatu ahal izateko espazio bat sortzeko elkartu zirenean.
Elkartu eta gutxira beste bi pertsona sartu ziren proiektuan. Behin, lauak Donostian afaltzen ari ginela, brainstorming inprobisatu batean Moztu izena atera zen eta guztioi gustatu zitzaigun. Hain zuzen ere, izenak dioena, hau da, moztea, ikus-entzunezko enpresa batean egunero egiten dugun zerbait da.
-
Nortzuk zarete Moztu? Zein izan da zuen ibilbidea?
-
Lau bazkide gara: Asier Pujol, Enara Goikoetxea, Iurre Telleria eta Miren Juaristi. Moztura etorri aurretik, Asierrek hainbat urtez
ETBn lan egin zuen errealizadore gisa. Enarak eta Mirenek Ingalaterran ikasi zuten eta ondoren, editore/zuzendari eta editore/gidoilari gisa lan egin zuten, hurrenez hurren. Enara Julio Medemen
La Pelota Vasca filmean editore lana egiteko bueltatu zen Londresetik. Azkenik, Iurrek Arte Ederrak ikasi zituen; ondoren, editore izateko espezializazio ikasketak Kuban egin eta Londresen editore gisa lan egin zuen.
-
Zein da zuen jarduera nagusia? Eta bezero aipagarrienak?
-
Ikus-entzunezko produktuak sortzen ditugu. Ekoiztetxe gisa, dokumentaletan espezializatuta gauden arren, gure jarduera oso eklektikoa da.
Gure webgunean hamaika adibide aurkituko dituzue eta bezeroak ere oso anitzak direla ikusiko duzue; produkzio jakin baten prozesu osoa gure esku jartzen duten enpresa, agentzia edo erakundeetatik hasita, zerbitzu jakin bat behar duten produkzio enpresetara: postproduzkioa, errealizazioa, sormena, aholkularitza...
Ekoizpen ekipoak, gidoilari eta erredaktoreak, muntatzaileak, eta muntaketarako, etalonajerako eta postprodukziorako tresnak eskaintzen ditugu
HD kalitateraino... Ikus-entzunezko mota guztietan dugu esperientzia: fikziozko filmak, dokumentalak, publizitatea, bideoklipak, museoentzako, ekitaldietarako eta enpresentzako ikus-entzunezkoak...
-
Zein da une honetan martxan duzuen proiekturik aipagarriena?
-
The Trail dokumentala da Mozturen orain arteko proiektu handienetako bat. Ia hiru urteko garapen prozesuaren ondoren, Europako hiru hiritan filmatzen ari gara
HD formatuan. Dokumentalak Bigarren Mundu Gerrako historia bat kontatzen du, elkarrizketak, segimenduak, giroa berregitea eta produkzio ondorengo efektuak batuta. Zinema arteoetan 2009an estreinatzea espero dugu.
-
Nola doa filmaketa?
-
Erresuma Batuan filmatzen hasi gara, “ELMS Memorial Weekend" topaketa ospatzen zen une berean; izan ere, bertan, gure dokumentaleko hainbat pertsonaia elkartzen dira urtero. Pozik gaude, denbora aldetik estu genbiltzan arren, gure aurreikuspenak betetzea lortu dugulako.
Orain Frantzian, Belgikan eta Euskal Herrian filmatzeko prestakizunak bukatzen ari gara.
-
Nola sortu zen dokumental hau egiteko ideia ?
-
Bigarren Mundu Gerran erresistentziari lagundu zion euskal kontrabandista bat, Florentino de Hernani, egon zela jakin genuenean, jazoeraren gertutasunak eta ezjakintasunak gaiari buruz ikertzera bultzatu gintuen. Ikerketak gerra eta abentura filmetako elementu guztiak batzen zituen historia sineztezin bat erakutsi zigun.
-
Noiz eta non ikusiko dugu?
-
Gure asmoa 2009 hasieran bukatzea eta zinema aretoetan estreinatzea da. Ondoren,
ETBk ematen duenean telebistan ikusteko aukera izango dugu.
-
Zein proiektu dituzue etorkizunera begira?
-
The Trail dokumentalaz gain, Itamatatiua (Sonorarekin koprodukzioan) dokumentalean lanean ari gara; hau ere produkzio fasean dago. Bi proiektu hauek hainbat urteko ikerketa eta garapena dute atzean.
Prozesu bera jarraituz, beste bi dokumental garatzen ari gara: Contando el Tiempo (PIXELekin koprodukzioan) eta Prohibido Recordar (Tentazioarekin eta RECekin koproduzkioan). Hauek ere datozen urteetan bukatzea aurreikusten dugu.
Hauetaz gain, La Llamada de Clara dokumentala bukatzen ari gara, RECentzat lanean.
Udan, Moztuk garatu duen lehen film laburra filmatuko dugu, Eusko Jaurlaritzaren produkziorako laguntzarekin: La Copa de la Vida.
Une honetan, Gasteizko Arkeologia Museoko bildumarako bideo batzuk ere garatzen ari gara, K6 Kultur Gestioa-rentzako.
Azkenik, datorren urtean film bat muntatuko dugu.
Aipatutako lanekin batera, indarrak Enpresa eta Publizitatearen munduan jartzeko asmoa du Moztuk.
-
Zer berezitasun du Moztuk gainontzeko ekoiztetxeen aurrean ?
-
Orain arte, Moztuk nazioarteko izaera nabarmena duten bere dokumentalak, berezko sormen taldearekin, egiten jarri du arreta gehiena. Gaur egun, bestelako proiektuak ere produzitzen ditugu eta, gero eta gehiago aritzen gara estatu mailako eta nazioarteko produzkioetan elkarlanean.
Gure ezaugarri esanguratsuenetako bat estatutik kanpo sal daitezkeen produktuetan lan egitea da. Hainbat hizkuntzatan pentsatu eta lan egiten dugu, eta beraz, proiektu eleaniztunak produzitzen ditugu eta nazioarteko merkatuetara jotzen dugu saltzera.
-
Ibaiako kide zarete. Zer abantaila eskaintzen dizue ekoiztetxeei elkarte bateko kide izateak?
-
Gurea bezalako ekoiztetxe txikiek askotan behar izaten duten laguntza eskaintzen du, batez ere, Ibaiak. Hemen lan egiten dugu produktorek informazioa, trukatu eta elkarri laguntzeko espazio garrantzitsua ere eskaintzen digu. Honetaz guztiaz gain, ez da ahaztu behar gure artean babestu eta esperientzia luzeagoa dutenengandik ikasteko era bat dela.
-
Ikus-entzunezko sektoreko beste enpresekin elkarlanean ibiltzen zarete?
-
Beste enpresekin elkarlanean ariztea gure lan egiteko eraren oinarrietako bat da. Elkarlanerako enpresa sare zabala dugu. Gurekin elkarlanean dabiltzan enpresek ere profil hori dute.