-
-
Bokarriba Comunicación enpresa 2006 urte amaieran sortu zen NueveCuatroTres aldizkarian oinarrituz, eta komunikazioarekin erlazionaturiko zerbitzuak eskaintzen ditu.
NueveCuatroTres aldizkaria 2006 urte hasieran sortu zen, irakurle gazteentzat, eta Donostiako irakurleen artean izandako harrera onak enpresa bat sortzera bultzatu gintuen, aldizkaria argitaratzeaz gain guk ikasitakoa eta gure benetako bokazioa dena, komunikazioa, ardatz izango zuen enpresa, alegia. Eta, pixkanaka, Bokarribak bere lekutxoa aurkitu du komunikazioaren munduan, eta argitalpenetan espezializatzen ari da
Zer da NueveCuatroTres aldizkaria?
-
Enpresaren jatorrizko produktua da. NCT aisialdi-kultura arloko aldizkaria da, hilean bitan ateratzen da eta doan banatzen da Donostian, bereziki unibertsitate, taberna eta kultur zentroetan. Argitalpenak hiriko gazteei gehien interesatzen zaizkien gaien errepasoa egiten du bi hilabetero, eta baita tokiko kultura sustatu ere.
-
Ikerketa batzuen arabera, lizentziatu berriak heldugabeak dira eta zailtasunak dituzte lan-erantzukizunak bere gain hartzeko. Araua berresten duen salbuespena zarete, ala gazte tituludunek ospe txarregia dute?
-
Ez da batere erraza horrelako abentura bati ekitea, gazteok ez baitugu gastu guzti hauei aurre egiteko gaitasun ekonomikorik. Hala ere, arriskatzea erabaki genuen, proiektu honetan gogo eta ilusioz beterik sartzea. Lizentziatu berriei buruz egiten diren kritikak ez dute askotan oinarririk, eta kontuan izan behar dugu, gainera, lan-merkatuak ez dituela gazteak batere erakartzen, askotan itxaropena galarazten diela. Beraz, Donostiako gazteak animatu nahi ditugu gure ekimena babestu eta autoenpleguaren aldeko apustua egin dezaten.
-
Bokarriba Comunicación enpresak zein zerbitzu eskaintzen ditu?
-
Argitalpenak dira gure ardatz nagusia, eta irakurle gazteei zuzentzen gatzaizkie, oso ondo moldatzen gara beraiekin.
NueveCuatroTres aldizkariarekin lortu dugun esperientziari esker, gai gara argitalpen ezberdinak egiteko, barne-buletinetatik hasi eta aldizkari ezberdinetaraino. Bestalde, gai gara enpresa baten informazioa kudeatzeko, bai prentsa oharrak eta bai bestelako txostenak egiteko ere. Azkenik, XXI. mendean gaudenez, Bokarribak web orri dinamikoak eta bestelakoak egiten ditu, eta baita enpresa irudiak ere, ezinbestekoa baita, gaur egungo merkatu lehiakorrean, irudi gazte eta berria izatea.
-
Zergatik daukagu ñoñostiarrok etengabe autoafirmatu eta mundu guztiari “gure Manhattan txikian” gertatzen den guztia kontatzeko beharra?
-
Munduaren zilborra garela pentsatu izan dugu beti. Nahiko pozik gaude gure hiriarekin, eta bertako paisai eta biztanleekin. Dena da polita Donostian, dena da “zuntzuna”, eta horren ondorioz, hiria ez da batere “bihurria”; gauza berrien bila dabiltzanen hiri izan beharrean, balnearioa bihurtu da.
Hala ere, hiriarekin oso harro dagoen ñoñostiar hori, Donostia planetako hiri onena kontsideratzen duen eta grina handiz defendatzen duen hori, ez da ohiko gazte aspergarri hori bakarrik; Donostiak badu besterik “ñoñostiarrismoaz” aparte, eta hori erakutsi nahi du NueveCuatroTres aldizkariak. Gainera, hemengo guztiok gara pixka bat “ñoñostiarrak”, eta kanpotarrak ere bihurtu egiten dira azkenean.
-
Zein hiru arrazoi emango zenizkiekete donostiar fedegabeei NCT-en irakurle amorratu bihur daitezen?
-
NCT aldizkari berria eta irakurterraza da, eta beste komunikabideetan tokirik ez duten artista gazteei laguntzeko helburua du. Eguneroko gaiei buruz idazten dugu, donostiarroi edo beste edozein tokitako gazteei gerta dakizkigukeen arazo eta egoerei buruz. NueveCuatroTres gure gazteon ahotsa bihurtzen ari da, ikuspuntu ezberdina erabiliz hiriko ekimen guztien eta gertatzen denaren berri emango duena, alegia.
-