Hasiera > Elkarrizketa
Aurreko elkarrizketak
Elkarrizketa
Ritxi Lizartza, Iker Estala eta Ainara Martin, Elebi Taldeko arduradunak.
Elebi Taldea 2003 urtean sortu zen. Lau sail ditu, eta laurek modu independentean egiten dute lan. Horrez gain, sailok lankidetza harreman estuak ere badituzte, bezeroek izan dezaketen edozein komunikazio-beharri erantzun ahal izateko.
Elebi Taldea 2003ko abuztuan sortu zen. Hiru arduradun ditu, bakoitza bere sailekoa: Komunikazio Saileko arduraduna Iker Estala da, kazetaria, 38 urtekoa. Ainara Martin Arte Gestio eta Kreatibitate Saileko arduraduna da, 30 urtekoa eta Arte Ederretan lizentziatua da. Ritxi Lizartza , Euskal Filologian lizentziatua, 41 urtekoa, Hizkuntza Zerbitzuen Saileko arduraduna da.
- Zer da Elebi Taldea enpresa eta zer lan burutzen du?
- Elebi Taldea zerbitzu enpresa da eta elkarren osagarri diren zerbitzuak ematen ditu, banan-banan edo denak batera, erakunde publikoek eta enpresek guk jorratzen ditugun alorretan dituzten beharrak asetzeko. Komunikazioa zentzu orokorrean eskaintzen dugu. Prentsa bulegoak, kazetarien laguntza eta babesa erakunde publikoen eta pribatuen prentsa kabineteei, edozein produktu edo berri ezagutzera emateko prentsaurrekoak, kanpainak, medioen gestioa…
Arte Gestioa eta Artetik abiatutako Kreatibitate Sailak Kaotika Kreatiba hartu du izen; Era horretara, ikuspegi berri batetik lan egiten duen sorkuntza eta publizitate agentzia da eta diseinua eta maketazio kreatiboak ere bere alorreko jardunak dira: kanpainak, irudi berritzeak publizitatea, argitalpen lanak… eta Artearen ikuspegia eta gestioa nagusi eremu honetan.
Hizkuntza Zerbitzuek osatzen dute hirugarren oina, testu itzulpenak, transkripzioak, zuzenketak, interpretazio zerbitzuak eta testu eta material sorkuntza, itzulpengintzan eta filologian lizentziatutako profesionalen lanari esker eskainiak. Enpresa lagun moduan, kide dugu Esrec, Fernando Sa eta Aitor Sarabia gidari dituela, bideo grabazio eta edizioan adituak. Lantaldearen jardun guztiek beren funtzioa bete ahal izateko, modu independentean jarduten duten sailak osatzen dute Elebi Taldea, lantalde gazte eta dinamikoa.
-
Jakin dugunaren arabera, Elebi itzulpengintzan espezializatutako enpresa zen lehen; gaur egun, horrez gain, lan sail ezberdinak ditu; nolatan hartu zenuten enpresa zabaltzeko erabakia?
-
2003ko abuztuan, telebista munduan 12 eta 15 urte artean aritutako Iker Estalak eta Ritxi Lizartzak, bata kazetaria eta bestea filologoa eta itzultzailea, bidea beren kabuz egiteko beharra sumatu zuten, indarrak batuz eta elkarri babesa emanez. Horrela sortu zen Elebi Taldea, bi bururekin eta hiru itzultzailerekin.
Bidean gure potentzialitatea beste esparruetara eramateko planteamendua garbi geneukan, eta Bartzelonatik etorri berria zen Ainara Martinekin harremanetan jarri, eta hiruron artean beste bi sailen amalgama izango zen publizitate, diseinu, kreatibitate eta arte gestioa jorratuko zituen saila sortzea erabaki genuen. Ainara Arte Ederretan lizentziatua da eta lan-munduan esperientzia handia hartu zuen Katalunian. Gaur egun 25 langiletik gora ari gara lanean, eta kolaboratzaile sare sendoa daukagu, nor bere esparruan, gure potentzialitatea handitzeko.
Zein da enpresaren balio erantsia? zein estrategia erabiltzen duzue lehiakideengandik bereizteko?
Lehenik eta behin, garbi asko izan genuen hasieratik Elebi Taldearen jardun osoa euskara hutsean izango zela. Era berean, gure enpresa egiturak bata bestearen osagarri diren lau oin izateak ezohiko enpresa bihurtzen gaitu, banan-banan arituz gero jorratzerik izango ez genituen proiektuei heltzea dugulako. Horixe da gure balio erantsia: euskaratik planteatzen ditugu gure lanak eta bezeroari produktu osoak egiteko ahalmena dugu, hasi eta buka, hainbat sailen elkarlanari esker.
Publizitate kanpaina erraldoi batetik, kongresu baten antolaketa osora, erakunde baten beharrak detektatzetik behar dituen soluzioak eskaintzera. Eta ikuspegi berri batekin: arte munduko ezagutzak ematen duen beste era bateko ikuspegi horrekin: sortzailea, berritzailea, besteetatik bereizten dena.
Zeintzuk dira zuen bezero nagusienak?
- Bezero nagusiak erakunde publikoak dira: Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Donostiako, Tolosako, Lazkaoko, Oiartzungo, Hernaniko, Alkizako eta beste hainbat herritako Udalak. Madrileko Gobernuko hainbat Ministerio. Era berean, Euskal Telebista, Ihobe, Habe, EHU, Donostiako Ospitalea, Aenor, Donostia Turismoa edo Euskalmet bezalako enpresa publikoak…
Enpresa pribatuak ere badira gure bezero: Vilariño Motosport, Bascotecnia, Talleres Kerejeta, Euskaltel, Panelfisa, Tolargi, SAM, Voith, Oika, Catelsa, Eroski, GSIncoming... Eta Donostiako Zinemaldia bezalako kultur proiektuak. Era berean, CEMEIn eta CENTEKen lankide eta bezero ditugun enpresa asko: Bit&mina, Kultur Atelier, Webalianza, Indarsun, Moztu, Luberri eta abar.
Elebi Komunikazioa enpresaren etapa berri honi ekin ondoren, zein proiektu duzue etorkizunerako?
-
Hiru urte bete berritan, enpresa asko eta modu esponentzialean handitu da. CEMEI eraikinera aurtengo martxoan iritsi gara. Etorkizunari begira dugun erronka, beraz, gure enpresa proiektua sendotzea eta inbertsioaren eta garapenaren arteko oreka lortzea da. Eta, era berean, gure enpresa planteamendu berritzailea (bezeroarentzat askoz ere merkeagoa izaten da, zerbitzu guztiak eskaintzen baitizkiogu) eta gure lana ezagutzera ematea.
-
Aurreko elkarrizketak.