Hasiera > Elkarrizketa
Aurreko elkarrizketak
Elkarrizketa
Esteban Basterrechea, Lorekako arduraduna.
Esteban Basterrecheak 31 urte ditu eta aita bihurtu da duela hiru hilabete. IBM eta Ibermatika enpresatan egin du lan, besteak beste, LOREKA proiektua martxan jarri baino lehen. LOREKA 2004ean sortu zen, eta bezeroei familiako bizitza eta bizitza profesionala bateratzeko zerbitzuak eskaintzea du helburu. LOREKA Cemei eraikinean dago, Igara eta Zuatzu enpresa-guneetatik gertu.
- Zein jarduera burutzen du LOREKAk?
- Gu geuri bururatu zitzaigun, sustatzaileoi, ez baikenuen gure familiako bizitza eta lan-bizitza bateratzeko era aproposik aurkitzen. Berezko esperientzietatik abiatuz, jendeak dituen beharrak eta egiten dituen eskaerak antzeman genituen, eta behar horiek ondo asebeteta ez zeudela ikusiz, LOREKA proiektua egin genuen.
Zein zerbitzu mota eskaintzen du Lorekak, eta nori daude zuzenduta?
LOREKAk, egoitzan bertan, haurtzaroarekin erlazionaturiko hainbat zerbitzu eskaintzen du, eta hauek osatzeko, etxerako zerbitzuak ere eskaintzen ditu.
Cemein dugun lokalean ( 500 metro karratu baino gehiago ditugu, kanpoko patioaz gain) eskaintzen ditugun zerbitzuen artean, haur-eskola zerbitzua aipa daiteke. Asistentzia-haurtzaindegia da, Eusko Jaurlaritzak homologatua. Urte osoa egoten da irekita, 7.30etatik 19.30etara. 0-3 urte bitarteko haurrentzako zerbitzua da, eta jangela ere badu. Honez gain, ludoteka dugu 3 eta 10 urte arteko umeentzat, eta baita ikastaroak ere, laneko ordutegiarekin bateragarriak direnak (eguerdian edo arratsaldetan, lanetik irtetean). Ikastaro hauen artean, erditzeko prestakuntza-ikastaroak eta haur-masajeak egiteko ikastaroak (gurasoak beren seme-alabekin) dira aipagarri.
Etxerako zerbitzuak, berriz, bezero bakoitzaren beharretara egokitutakoak dira, esaterako, etxeko zerbitzuak (garbiketa, lisaketa edo/eta janaria prestatzea) eta baita asistentzia-zerbitzuak ere (haurrak, zaharrak edo/eta gaixoak zaintzea), profesionalek eskainiak. Oso zerbitzu ezberdinak izan daitezke, esaterako, ostiral gau baterako umezaina lortzea, edo astean bitan lisatzera joatea.
Loreka ez da enpresa teknologikoa, baina teknologia berriak erabiltzen ditu arlo guztietan, bai barne-kudeaketan, bai bezero eta hornitzaileekin duen harremanean, eta bai haur-eskolan ere. Nola aplikatzen ditu teknologia berriak arlo bakoitzean?
Teknologia berriak enpresako jarduera guztietan erabiltzen saiatzen gara. Bankuekin edo hornitzaileekin egiten ditugun kudeaketa guztiak Internet bidez egiteaz gain, webgune berria aterako dugu laster, eta bertan, besteak beste, haur-eskolako gurasoek extraneta izango dute seme-alaben informazioa lortzeko. Gainera, Fatronik teknologia-zentroak eta Donostiako Sustapenak LOREKA hautatu dute haur-eskolak kudeatzeko tresna martxan jartzeko, PDA dispositiboen bidez hezitzaileen eguneroko lanari arreta berezia jarriz eta erraztuz.
Zenbat haur daude gaur egun haurtzaindegian?
- Haur-eskola 2005ean jarri zen martxan, eta 48 haur ditu gaur egun. Normalean, zerbitzu hau 8-10 hilabeteko aurrerapenarekin kontratatzen da, eta 2006-2007 ikasturterako 5 haur ditugu matrikulatuta. 4 hilabetetik 3 urtera arteko haurrak dira, eta gurasoak, normalean, inguruan lan egiten duten langileak dira (Igara, Zuatzu, etab.), baina guk ez dugu baldintza geografikorik jartzen haurrak onartzeko. Igara hiriko sarrera/irteeran dagoenez, Donostiatik kanpo lan egiten duten guraso askok haurra Donostiako erdigunean sartu gabe utzi eta jaso dezaketelako baloratzen dute LOREKAren kokapena.
Ba al dute abantailarik inguruko enpresatan lan egiten duten gurasoek?
-
LOREKAk lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu inguruko enpresekin, eta beraz, langileek baldintza hobeak dituzte eskaintzen diren zerbitzuetarako. Enpresek hitzarmenak egiteko aukera dute LOREKArekin langileen familiako bizitza eta bizitza profesionala bateratzeko, esaterako, Haurtzandegi-txartelak.
Zein izan da enpresa hauen erantzuna?
Bateratzearen gaia gaurkotasun handikoa den arren, ez dira asko sentsibilizatuta dauden eta beren langileei aukera hau ematen dieten enpresak. Enpresek eta langileek abantailak izaten dituzte hainbat jarduera egiteagatik, eta ez dute kosturik. Baina asko dago egiteko oraindik.
Zein proiektu dituzue etorkizunerako?
Igaran dugun egoitza finkatu eta, hemendik aurrera, egoitza berriak ireki nahi ditugu. Harremanetan gaude LOREKAren zerbitzuak eskaini nahi dituzten enpresa-gune ezberdinekin; izan ere, enpresak erakartzeko oso era erraza da, LOREKAk langileei erraztasun ugari ematen dizkielako. Hori dela eta, datorren urteetan egoitza berriak irekitzea espero dugu.
-
-
Aurreko elkarrizketak.