Comunidad Virtual de Empresas de Donostia-San Sebastian

Hasiera > Elkarrizketa

Aurreko elkarrizketak

Elkarrizketa

Borja Rosales, RestoreTek-eko arduraduna Borja Rosales, RestoreTek-eko arduraduna.


RestoreTeK lsm 2006an eratutako enpresa da, eta enpresa txikiei informazioaren Segurtasunarekin eta Babesarekin loturiko irtenbideak ematea du xede.

Borja Rosales, RestoreTeK enpresako Gerentea, Lasarte-Oriakoa da, 41 urte ditu eta Informazio Zientzietako lizentziatua da. Duela 17 urte baino gehiago hasi zen informatika arloan lanean, eta informazio-bilketaren inguruan garatu du beti bere karrera. RestoreTeKen proiektuan sartu baino lehen, bilketa masiboko sistemak fabrikatzen eta bere produktuak Europa osoan saltzen zituen Donostiako enpresa bateko gerentea zen.


Zein da RestoreTeK enpresaren jarduera nagusia?
RestoreTeKen eginkizun nagusia ETEei eta MikroETEei Informazioaren Segurtasunerako eta Babeserako irtenbide eta zerbitzuak eta informatika-sistemak eskaintzea da.

Gaur egun, enpresa guztiek ordenagailuen eta informatika-sistemen premia handia dutenez, menpetasun bihurtu zaie. RestoreTeKen asmoa enpresa txikiei menpetasun horri aurre egiten laguntzea da, horretarako neurriak ezarriz, hala nola segurtasun-kopiak, sistemetan gerta litekeen edozein matxura, hutsegite edo erasori bermeekin buru egitea ahalbidetuko dietenak.

Honako bost zerbitzu hauek eskaintzen ditugu:

. Segurtasuneko Diagnostikoak enpresaren egoera aztertu, eta hartu beharreko neurri garrantzitsuenak jasotzen dituen txosten bat eskaintzen du, enpresaren egoera eta ahalbideak aintzat hartuta, betiere.

. Etengabeko Segurtasunak aldizkako kontrola, segimendua eta akonpainamendua egiteko zerbitzua eskaintzen du, eta krisi-uneen simulazioak egiten ditu enpresa bezero guztietan.

. Urrutiko Babes-kopiak beren informazioaren segurtasun-kopiak egiteko eta kopia horiek gure zerbitzari seguruetara bidaltzeko aukera ematen die gure bezeroei.

. Datuen Babesari buruzko Lege Organikorako Moldaerak lege hori betetzen laguntzen die gure bezeroei.

. Ezbeharretatik Suspertzeko Laguntzak krisi edo hondamen informatikoren bat gertatuz gero hartu beharreko neurriak ezartzea ahalbidetzen du, erretako edo matxuratutako disko gogorretako datuak berreskuratzeaz gain.



Nola sortu zen enpresa eratzeko ideia?

Bilketa masiboko sistemak (milaka GigaBytekoak) fabrikatzen eman ditugun urteetan egiaztatu dugunaren arabera, horrelako ekipoak zerabiltzaten enpresek ez zeuzkaten euren beharrekin bat zetozen segurtasun- eta babes-neurri egokiak.

Irtenbideen fabrikatzaile guztiek, “Negozioaren Jarraitutasunaz” hitz egiten dutenean, Internet bidez liburuak saltzen dituen multinazional bati bere informatika-sistemek ordubetez edo bi orduz ez funtzionatzea zer garesti suerta dakiokeen aipatzen dute adibide gisa. Baina horrek ez du zerikusirik enpresa txikien beharrekin.

Faktore horiek guztiak kontuan hartuta animatu ginen RestoreTeK enpresa eratzera, funtsezko bi premisa hauetan oinarrituz:

- Datu Informatikoen Segurtasuna eta Babesa
- ETEei eta MikroETEei zuzendua.


Arestian argitaratutako bi azterlanen arabera, azken 12 hilabeteetan, enpresen %84 baino gehiagok nozitu zituzten segurtasun informatikoarekin loturiko ezbeharrak, eta ezbeharren kopuruak hazten jarraitzen du? Asko geratzen da oraindik enpresak gai horretaz jabe daitezen? Noraino jabetzen dira enpresak datuak ez babesteak dakarren arriskuaz?

Gure ustez, enpresak, eta bereziki berorietako arduradunak, gerenteak eta jabeak, arriskuaren jakitun daude, baina, askotan, segurtasun-neurriak aurrekontu handiak dauzkaten enpresa handiek bakarrik garatu ditzaketela uste izaten dute. Eta, egia esan, ulertu egiten dugu jarrera hori, baina, gaur egun, egoera bestelakoa da.

Batzuetan, ETEetako gerenteek zalantza egiten dute ez ote zaien garestiagoa izango konponbidea arazoa baino; hau da, segurtasun informatikoko plan bat garatzea ez ote den babestu behar den informazioa baino garestiagoa. Kasu gehienetan, hori ez da horrela.

Arriskuaz jabetzeko arazoa egon badago; arriskuaren ikuspuntutik baino gehiago, irtenbidearen ikuspuntutik. Enpresek eta bertako arduradunek jakin badakite arriskua dagoela. Eta azterlanek erakusten dutenez, arriskuok enpresa askotan gertatzen dira, modu batera edo bestera.



Ezbehar gehienak enpresako bertako langileek eragiten dituzte. Baina “hondamen informatikoa” ekar dezaketen kanpo-eragileak ere badaude: troiarrak, hackerrak,... Saihestu ahal dira horrelako sabotajeak ala inor ez dago guztiz salbu?
Bai, kasu gehienetan, gure informatika-sistemen aurkako Interneteko erasoak saihestu egin daitezke. Eta Erabateko Segurtasuna ezinezkoa dena egia bada ere, ezin dugu pentsatu segurtasun-sistemak edukitzerik ez duela merezi.

Segurtasun-sistemak honako bi kategoria handitan sailka daitezke: Defentsarako Sistemak eta Suspertzeko Sistemak.

Birusen, hackerren eta troiarren aurkako irtenbideak lehenengo kategoriakoak dira. Helburua egunero gertatzen diren eraso bereizi gabeetatik babesteko hesiak jartzea da.

Suspertzeko Sistemen artean, segurtasuneko kopia-sistemak eta ezbeharretarako planak azpimarra ditzakegu.



Zuen web gunean diozuenez, uneoroko “akonpainamendua” egiten diozue bezeroari, baita hondamen informatikoetan ere. Ziurrenik, azaldu ahal duzu beste enpresa batzuentzako adibide izan daitekeen jazoeraren bat .
Hainbat aipa ditzakegu, zalantzarik gabe, eta guztietan, honako bi sentipen hauek nabarmentzen dira: datu informatikoak galtzean enpresak jasaten dituen etsipena eta bakardadea.

Enpresa baten kasu zehatza gogoratzen dut: gure bezero ez bazen ere, laguntza eske deitu zigun egun batean, zerbitzarietako batean matxura zegoela-eta, enpresa geldirik zegoelako. Segurtasun-kopiak egiten zituzten arren, ezin zuten bertako informazioa eskuratu, zintak hondaturik zeudelako. Azkenean, zerbait egin ahal izan genuen enpresak lanean jarraitzeko, baina datuak berreskuratzeko prozesua ia bi astez luzatu zen, eta datu batzuk galdu egin ziren.

Atxikimendu bereziz gogoratzen dut gertaera hori, enpresa horretako pertsonak erabat etsita zeudelako; gainera, beraien ohiko hornitzaileak azaldu ere ez ziren egin bertatik, benetan beharrezkoak zirenean. Horrexegatik erabiltzen dugu “akonpainamendu” hitza gure enpresan, Segurtasuneko Irtenbideez mintzatzean une gozoak zein minak pasa behar direla ulertzen dugu eta.


Zertan datza Datuak Babesteko zuen Zentroa? Nola kudeatzen da bertan bildutako informazioa?
Datuak Babesteko gure Zentroa “Urrutiko Babes-kopiarako Zerbitzariak” deritzegun ordenagailuak edukitzeko egokituriko aretoa da. Gure bezeroek zerbitzariotara bidaltzen dituzte beren segurtasun-kopiak, gauez jarduerarik gabe egon ohi diren ADSL konexioak erabiliz. Bulegotik kanpo, kodeturik eta konprimaturik bidaltzen dira segurtasun-kopiak, informazioa benetako jabea ez den inork ezin eskuratzea bermatzeko. Gure teknikariek eurek ere ezin dute kopien edukia ikusi. Bezeroek kopiak gauero bidaltzen dizkigutela badakigunez, bi egun iraganda bezeroren batek kopiarik bidali ezean, jarraipena egiten dugu, baina geuk ere ez daukagu kopia horren edukirako irispiderik.

Informazioa erabateko konfidentzialtasuna eta segurtasuna gordez kudeatzen da.

Azpimarratu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak enpresa homologatuen ziurtagiria eman diola RestoreTeKi, SPRIren bitartez, KZ -Urrutiko Babes-kopia deritzon subentzio-programaren barruan.


Zertan bereizten da RestoreTeK bere lehiakideetatik? Zein da zuen balio erantsia?

Gure ikuspuntutik, berezitasun nagusia ETEekiko bokazioan datza. Horrez gain, hurbiltasunak, Datuak Babesteko Zentroa Donostian edukitzeak, akonpainamenduak, eta irtenbideak gure bezeroen berezitasunetara egokitzeak ezberdintasun nabaria ezartzen dute gure eskaintzaren eta beste enpresa batzuen eskaintzen artean.


Zer proiektu dituzue etorkizunari begira?

Epe laburrerako proiektuei dagokienez, Gipuzkoako Bazkundearekin eta Aldundiarekin dihardugu lankidetzan, i-Miikroeteak programaren barruan, 10 langiletik beherako enpresentzako teknologia-aholkulari gisa homologatu baikaituzte. Gure probintziako MikroETE motako enpresetan informatika optimizatzea da ekimen horren helburua.

Epe ertainera, informazioa babesteko hardware berri bat garatzen ari gara, eta hemezortzi hilabeteren buruan merkaturatzea espero dugu



Aurreko elkarrizketak.

Donostiako Sustapena 2007 © Donostiako Udala